FEDERACION ESPAÑOLA DE MUNICIPIOS Y PROVINCIAS

Udalek fin-fin ordaintzen dute eta eginbeharrak ondo egiten dituzte


Udalek, beti ez bada ia beti, fin-fin ordaintzen dute eta eginbeharrak ondo egiten dituzte, hau da, beti berandu ez ote dabiltzan irudi horrek ez du egiatik gauza handirik. Hala esan du Santiago Martínez Argüelles Xixongo Udaleko zinegotziak, gaur, Diputatuen Kongresuan. FEMPeko ordezkari gisa agertu da Kongresuan.



Martínez Argüelles 3/2004 Legea aldatzeko lege-proposamenari buruzko ponentziara agertu da, eta adierazi du moduren bat aurkitu behar dela udalek fakturak errazago eta arinago ordaintzeko, ordainketa horiek modernizatu egin behar direla alegia, baina kontrolari ezer kendu gabe, udalek obligazioak ordaintzeko orduan bai aurrekontuak bai zergak kontrolaturik baitauzkate. Lege horren bidez, hain zuzen ere, berankortasunari buruzko hainbat neurri ezarriko da.

Lege-proposamenak dio udalek 30 egun izango dituztela hornitzaileei ordaintzeko, bada, aurretiaz, fakturen tramitaziorako arauak berritzeko lana hartzen ez bada, udal-gobernuek arazoak izango dituzte.
 
Agerraldi horretan, Martinez Argüellesek esan du udal ia den-denek ordaintzen dutela garaiz, baina onartu du krisi-garaietan, gaur egun bezala, beharbada lehen baino udal gehiago ibiliko dela estu.
 
Baina, FEMPeko ordezkariak adierazi du badela azpitik datorren arazoa bat, tokiko finantzaketaren egiturazko hutsuneekin zerikusia daukana, eta gainera beste gauza batzuek arazo hori larriagotu besterik ez omen dute egiten, adibidez, batzuetan eskumenak beste administrazio batzuekin batera erabili behar dira; beste batzuetan, arau-garapenak gobernuak eta autonomia-erkidegoek bultzatu dituzte, eta tokiko gobernuei gastu gehiago eginarazten dizkiete. Bategatik edo besteagatik, azkenean, tokiko ogasunak hankaz gora geratzen omen dira.
 
Ordainketetan berandu ibiltzen diren udalak baliabiderik ez dutelako ibiltzen dira berandu. Nahikoa baliabiderik baldin badute, garaiz ordaintzen dute. Horra hor, esate baterako, Tokiko Inbertsioetarako 2009ko Estatu Funtsaren kontura gauzatutako proiektuak: 30 eguneko epea zegoen ordainketak egiteko, eta, salbuespenak salbuespen, garaiz ordaindu ziren.